Harremana | web gunearen mapa | laguntza | irisgarritasuna eu | es
 
 
 
 
 




Bizikleta


Bizikleta gipuzkoan (1/6)
Sarrera • Aurreiritzi baztergarriakErakunde publikoen ekintzak
Gipuzkoak populazio-dentsitate handia du (673.563 biztanle), eta biztanleak sakabanatuta daude lurraldean. Hori dela-eta, lanegun arrunt batean egiten diren barneko lekualdaketak oso ugari izaten dira.

Bidaia horiek gehienak lanaren kausaz egiten dira (% 42); gainontzekoak hainbanatu egiten dira hiru alorretan –ikasketak, erosketak eta aisialdia–, eta oro har etapa bakar batean egiten diren bidaiak dira garraiobide bakarra erabiliz: autoa, gehienetan; gainera, garraiobide horren erabilera handitu egiten da urtetik urtera.

bizikletaz pasieran hiri guneanEgoera hori abiagunetzat hartuta, galdera bat bururatzen zaigu: zer garrantzi du bizikletak Gipuzkoako mugikortasunean?

Hainbat hamarkadatan, Gipuzkoan, ia kirol-jarduerak soilik ezarritako mugen barruan kokaturik egon da bizikleta. Hala ere, joan den mendeko laurogeiko urteez geroztik, erakundeen barruan eta gizarte-talde jakin batzuetan erabaki bat hartu zuten, alegia: kirol-ikuspegi hori gainditzea eta bizikleta egunero eta aisialdirako erabiltzea sustatzea.

Pixkanaka, bizikleta lekualdatzeko bitarteko bihurtu da, eta bizikleta erosten duten, erabiltzen dakiten eta erabili nahi duten biztanle ugarik interesa azaldu dute hori horrela izan dadin.

Berez, Euskal Herrian bizikleten salmentak oso handiak izan dira, baita kirola egiteko soilik erabiltzen ziren garaian ere. Salmentak laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran iritsi ziren unerik gorenera, bizikleta-lasterketek irrika handia sortu eta mendiko bizikleten erabilera izugarri zabaldu zenean.

Beraz, ez da harritzekoa Euskal Herriko familien % 50 inguruk –etxeetako ekipamenduei buruzko azken estatistiken arabera– etxean bizikleta bat gutxienez izatea.

Gipuzkoako zenbait udalerritan, “Autorik gabe” izeneko jardunaldietan egindako inkestek aditzera ematen dute, era ez zuzenean, egun indarrean dagoen mugikortasunaren eredua aldatzeko joera dagoela, eta bizikletari garrantzi handiagoa eman nahi zaiola garraio-sisteman. 2000. urtean, esaterako, autoak hirian duen protagonismoari buruzko inkesta batean, itaundutako guztien % 80,5ek begi onez ikusten zuen protagonismo hori murriztea; % 15ek, aldiz, egoera zegoen bezala mantendu nahi zuen, eta % 4,5 “autoak gehiago sustatzearen” alde zegoen. Inkesta egin zen egun hartan autoz lekualdatu zirenen ia bi herenek ere aitortu zuten nahiago zutela autoaren protagonismoa murriztea.

Donostiari buruzko kopuru batzuek –Gipuzkoa osora zabal zitezkeenak, halere– agerian jartzen dute donostiar biztanleen % 71k badakiela bizikletaz ibiltzen, eta bizikleta maiztasunez erabiltzen ez duten biztanleen % 25 prest dagoela ibilgailu hori erabiltzeko, betiere bide-segurtasunaren alorrean egun dauden baldintzak hobetzen badira.

1 2 3 4 5 6 >>
 
 
Sartu bistaratzeko pantailan
 
 
  Gipuzkoako Foru Aldundia | lege oharra   logotipo diputación GNet | gipuzkoa.net